XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Debora suntsitua izan zen, esan zuen Florencek, baina mezu bat utzi zuen.

Hura ez zen inoren etsai, eta gaitza besterik ez zuen ikusi bizitza osoan.

Ni joaten naizenean, neba, hobe duzu dardaraka hasi, ez bainaiz isilik joango.

Eta elkarri begira zeudela, deus gehiagorik esan gabe, emakume elizkoiak berengana iritsi ziren.

Orain hiribide luze isila aurrean zabaltzen zitzaien hildakoen lurralde gris baten moduan.

Gezurra zirudien ordu batzuk lehenago (gizonek denbora neurtzen duten legez) ibili zela hiribide hartan barrena; begiak mundu arriskutsu hartara zabaldu zitzaizkionetik ezagutu zuela hiribibea; han jolastu zela, han egin zuela negar, ihes, han erori zela, han zauritu zela... berarengandik hain urruti zegoen garai hartan, inozentzia eta suminezko garai hartan.

Bai, zazpigarren egunaren arratsean, amorruz beteta aitaren etxetik atera zenean, hiribibe hura jende oihukariz beteta zegoen.

Egunaren argia moteltzen ari zen; haize zakarra zebilen, eta lanpa garaiek, banan-banan, eta gero denak batera, burua altxatu zuten ilunbearen aurka, bera tenplura presatzen zen bitartean.

Trufa egin al zioten?

Inork hitz egin al zion, inork barre egin edo deitu al zion?

Ezin zen gogoratu.

Ekaitza bizian ibili baitzen.

Orain ekaitza amaitua zen.

Eta hiribidea, ekaitza jasan duen edozein paisaia bezala, aldatuta zegoen zeruen azpian, nekatua eta garbia, eta berritua.

Ez zen inoiz izango behiala izandako hiribidea.

Suak, edo tximistak, edo ondoko euriak, orain bere gainetik halako isiltasun zurbilez mugitzen ziren zeruetatik eroria, birrindu egin zuen atzoko hiribidea, aldarazi egin zuen une batean, begi-kliskada batean, azken egunean aldatuko zen bezala, zeruak atzera berriz irekitzen zirenean santuak biltzeko.